euri azido
- 1. Ingur./Meteorol.
Jalkin azido mota, lurrera euri, elur, laino eta abarrekin batera erortzen dena.
- en acid rain
- es factor abiótico
- fr pluie acide
- 1. Ingur./Meteorol.
- Jalkin azido mota, lurrera euri, elur, laino eta abarrekin batera erortzen dena.
Euri azidoa Edit
Egilea: Elhuyar
Errekuntza-prozesuetan askatutako nitrogeno-oxidoak eta sufre-oxidoak atmosferako ur-lurrunarekin konbinatu eta azido nitrikoa eta azido sulfurikoa eratzen dituzte. Oxidoen iturri nagusiak ibilgailuak, erregai fosilak darabiltzaten zentral termikoak, galdategiak eta findegiak dira. Dena den, euri azidoak ez du iturburu antropogenoa soilik; izan ere, sumendien erupzioek eta beste fenomeno atmosferiko batzuek ere prezipitazio azidoak eragin ditzakete. Alabaina, euri azido naturalaren garrantzia hutsaren hurrengoa da jatorri antropogenoak duenaren aldean.
Euri azidoa ingurumen-arazo larria da Ipar Amerikako eta Europako eskualde askotan. Hirietan eta industrialdeen inguruetan nabarmenagoa bada ere, haizeak bultzatuta iturritik oso urrutiraino ailega daiteke. Euriaren berezko pH-a 5,6 da, eta prezipitazioaren pH-a 5 baino txikiagoa denean esaten da prezipitazioa azidoa dela. Prezipitazioaren azidotasun-maila askotarikoa izan daiteke. Europako erdialdean prezipitazioen batez besteko pH-a 4,3 da. Hala ere, 2-3 bitarteko pH-ko euriak ere neurtu izan dira Europan zein Ameriketan.
Euri azidoak kalte larriak eragiten ditu ingurunean. Edateko ura, ur eta lurreko landaretza eta eraikin eta monumentuak kutsatu eta kaltetzen ditu. Besteak beste, aintzira eta ibaietako ekosistemak hondatu, landareek lurretik ateratzen dituzten zenbait mineralen kontzentrazioa gutxitu eta monumentuen korrosioa eragiten du.
Euri azidoaren eragina murrizteko, nitrogeno- eta sufre-oxidoen emisioak murriztu behar dira, eta horixe da aplikatzen ari den politika. Europan, euri azidoaren aurkako ekintzen balantzea positiboa da, zalantzarik gabe. Arrakasta horri lagundu dioten faktoreetako bat Europaren tamaina txikia da, euri azidoa jasaten dutenak askotan ez baitira produzitzaileak, haien auzoak baizik (adibidez, Erresuma Batuko zentral termikoetako tximiniek aireratzen dituzten sufre-oxidoek eragindako euri azidoa Norvegiak eta Suediak jasaten dute). Hori dela eta, errazagoa da nazioarteko lankidetza eta elkartasuna bideratzea.